Zer da GIBa? Eta hiesa?

Giza immunoeskasiaren birusa da GIB deitua. Hainbat modutara transmititzen da eta, birusaren fase aurreratuenean, hiesa eragin dezake. Ez da gauza bera GIBaren eramaile izatea eta hiesa edukitzea.

 

  • Pertsona bat kutsatzen denean, immunologia sistemako zeluletan sartzen da GIBa, bereziki T4 linfozitoetan, eta apurka-apurka, guztiak suntsituz joaten da.
  • Lehen fase honetan, normalean ez da sintomarik izaten. GIBekin kutsatutako pertsona guztiek, sintomak izan edo ez, beste pertsona batzuei transmititu diezaiekete birusa.
  • Denbora igaro denean, urteak batzuetan, sintomak agertzen has daitezke, zeren eta birusak sistema immunitarioa kaltetzen baitu.
  • Hiesa GIB infekzioaren fase aurreratuena da. Sistema immunitarioa hondatu izanaren ondorioz, infekzio oportunistak edo zenbait minbizi agertzen direnean adierazten da.

 

Nola transmititzen da GIBa?

Kutsatutako pertsonen odolaren, haziaren, baginako jariakinen eta ama.esnearen bidez.

Sexu bidezkoa: penetraziodun sexu-harremanetan (baginakoa, uzkikoa edo ahokoa), preserbatiborik gabeak badira. Uzkiko penetrazioa da arrisku handienekoa, eta ondoren, baginakoa. Harreman aho-genitalek arrisku txikiagoa dute GIBerako; harreman horiek ordea, arriskua dute sexu-transmisiozko infekzioen transmisiorako.

Odol bidezkoa: kutsatutako odolarekin ukipenean egon diren xiringa, orratz edo beste edozein tresna ebakitzaile partekatzean.

Amarengandik seme-alabengana: emakume bat seropositiboa denean (GIBa dauka), birusa transmititu diezaioke bere umeari, haurdunaldi, erditze edo edoskitzaroan; dena dela, gaur egun, kontrol mediko egoki baten bidez, arrisku hori ia erabat ezabatuta dago.

 

GAUR EGUN, GIB INFEKZIO GEHIENAK BABES GABEKO SEXU HARREMANEN BIDEZ TRANSMITITZEN DIRA

Arrisku handia

∙ Preserbatibo gabeko baginako penetrazioa.

∙ Preserbatibo gabeko uzkiko penetrazioa.

Nolabaiteko arriskua. Praktika aho-genitalak:

∙ Felazioa ( aho-sexua gizonezko bati).

∙ Cunnilingusa (aho-sexua emakumezko bati).

∙ Arriskua felazioa edo cunnilingusa egiten duen pertsonak soilik du (ahoarekin hazia edo baginako jariakina ukitzen duelako).

∙ Felazio edo cunnilinguseko parte-hartzaile pasiboak ez du arriskurik (listuak ez du GIB transmititzen).

Arriskurik ez

∙ Ferekak.

∙ Ahotik ahorako musuak.

∙ Elkar masturbatzea.

 

Nola EZ da transmititzen GIBa?

∙ GIBa duen pertsona batekin bizitzeagatik, lan egiteagatik edo ibiltzeagatik.

∙ GIBa duen haur bat joaten den haurtzaindegi edo ikastetxe berera joateagatik.

∙ Eskua emateagatik, besarkatzeagatik edo musu emateagatik.

∙ Mahaiko tresna, plater edo edalontzi bera partekatzeagatik.

∙ Komun, igerileku edo dutxa publikoak erabiltzeagatik.

∙ Eltxoren batek ziztatzeagatik edo etxeko animalien bidez.

∙ Odola hartzeagatik edo emateagatik.

 

 

Nola jakin dezaket GIBaren eramailea naizen?

 

∙ Odol analisi espezifiko bat egin behar da pertsona batek GIBaren kontrako antigorputzak dituen ala ez hautemateko. Itxuragatik ezin dugu jakin pertsona bat kutsatuta dagoen ala ez.

Antigorputzak detektatzen badira, probaren emaitza positiboa da, eta pertsona hori seropositiboa edo GIBaren eramailea dela esaten dugu. Antigorputzik detektatzen ez bada, proba negatiboa da, eta pertsona hori seronegatiboa dela esaten dugu.

Infektatu ondoren, pertsona batek 3 hilabete inguru behar ditu antigorputzak garatzeko.

Beraz, pertsona bat arrisku-praktika baten bidez kutsatu den jakiteko, hiru hilabete itxaron behar da analisi hori egin aurretik. Lehenago egiten bada, probak negatibo eman dezake, naiz eta pertsona hori GIBak kutsatuta egon.

 

Zer esan nahi du GIBaren testean emaitza positiboa izateak?

∙ Pertsona hori seropositiboa dela, hau da, GIBaren eramailea.

∙ Infekzioa bizitza osorako da, nahiz eta gaur egun dauden erretrobirusaren aurkako tratamenduei esker, gaixotasuna kontrolpean eduki litekeen eta nahiko bizi-kalitate ona izan daitekeen.

∙ Pertsona horrek beste batzuei transmiti diezaieke birusa arriskuko sexu-harremanen bitartez.

 

Sendatu daiteke GIBa?

GIBa EZ DA SENDATZEN. BEHIN ORGANISMOAN SARTUTA, EZ DAGO SUNTSITZERIK

 

∙ Azken urteotan, erretrobirusaren aurkako tratamenduetan lortutako aurrerapenek birusaren eragina geldiaraztea lortu dute, bai eta infekzioaren aurrerabidea nabarmen atzeratu ere. GIBa duten pertsonek gero eta urte gehiagotan bizi dira sintomarik gabeko edo sintoma gutxiko egoera batean. Aurrerapenak egin badira ere, kontuan izan behar dugu GIBa infekzioa larria dela oraindik ere; hortaz, ezin gara lasaikerian erori prebentzioko neurriei dagokienez.

GIBa edukitzea, jada, gaixotasun hilgarria ez bada ere, oraindik oso gaitz larria da, beraz, prebentzioa derrigorrezkoa da: erabili preserbatiboa.

 

SEXU-HARREMAN SEGURUAK IZATEA DA GIBaren AURKAKO BABESIK ONENA

∙ Gogoratu, pertsonaren itxuragatik ez dagoela jakiterik GIBaren eramailea den edo sexu-transmisiozko infekzioren bat duen.

Ezinbestekoa da preserbatiboa erabiltzea, GIBaren eramailea ez delako ziurtasun osoa ez daukagun norbaitekin penetraziodun sexu-harremanak ditugunean.

ESKURA EDUKI BEHAR DIRA!

ERABILI PRESERBATIBOA

 

Iturria: Eusko Jaurlaritza

Configuracion de Privacidad
Name Enabled
Technical Cookies
In order to use this website we use the following technically required cookies: wordpress_test_cookie, wordpress_logged_in_, wordpress_sec.
Cookies
We use Cookies to give you a better website experience.
x

Usamos cookies para brindarle la mejor experiencia en línea. Al aceptar que acepta el uso de cookies de acuerdo con nuestra política de cookies.